XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina normalean irakurketa erlijiosoa egiten da. Ikuspuntu honetatik, sinestunek Biblia testu sakratutzat daukate. Jainkoak gizakiei igorritako mezua da haren irakaskuntzarik nagusiena, edo behintzat hori da errabinoek edo Elizak egin duten irakurketa.

Biblia osatu zuten komunitateek ardura handia erakutsi zuten testu sakratuen tradizioa zaintzeko. Horrexegatik, liburuaren herria deritzo antzinako judutar herriari.

Oro har, Biblian, Pentateuko edo Legearen osagai diren bost liburuak dira garrantzirik handienekoak. Torah deitzen da multzo hori. Alde batetik, arau sozial, moral eta erlijiosoen multzoa da. Erlijioaren aldetik, berriz, Torah da Jainkoaren hitza esaten den legea eta Herri hautatu horren eginbidea suposatzen du.

Ez dira beti era berdinean ulertuak izan Torah liburuak. Handik eta hortik sortu dira korronte desberdinak.

- Lehenik lege idatzia daukagu; eta ahozko legea, Moisesi adierazi zitzaionetik, belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan dena. Farisearrek onartua, saduzearrek zalantzan ipintzen zuten.

200 urtearen inguru eginiko ikerlan luzea, Mishna deritzo. Orok onarturiko lana da. Geroagokoa da Talmud deitu azterlan-bilduma.

- Mishna hau irakaspena da, hebraieraz idatzia. Sei zati nagusitan banatua dago. Zati edo sail hauetan (sedarim) arau eta bedeinkapenak, jaiak, gaitzak, objektu sakratuak eta gauza garbiak... xedatzen dira. Mishnaren ikasketa erlijio eginkizunetako bat da, gainera.

- Talmud deritzonak errabino palestinarrek eta Babiloniakoek emaniko irakaspenak finkatzen ditu. Bereizi egiten dira Jerusalengo Talmud-a, IV. mendean amaitua, eta Babiloniako Talmud-a lehenbizikoz Venezian 1520an inprimatua izan zena. Mishna bezalaxe sei zatitan banatzen da. Agerkundearen sintesia eta juduen bizitza osoa arautzen duten legeek osaturik dago.

Torah liburua oso garrantzitsua da. Judu erlijiosoek berekin eraman ohi dute gau eta egun, eta filakteria modura eraman ere bai. Larru beltzez eginiko ontzixkak dira hauek, liburu santuetako zenbait pasarte bertan eramateko eginak.

Ezkerreko besoaren inguruan ipintzen dira edota buruaren inguruan larru beltzez eginiko uhal batean. Sabbat egunean izan ezik, filakteriak goizeko elizkizunetara eraman ohi dira.